Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

25/04/2025

Katedraleko estalkiak zaharberritzeko lanen amaiera eta balkoi begiratokiaren aurkezpena

Obra horiei esker, ura husteko sistema osoa berrantolatu da, zurezko egiturak eta katedrala babesteko isolamendu termikoa hobetuz.

Dorrera egiten den bisitan, balkoi-begiratoki bat izango da, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ere irisgarria dena, eta gangen goiko aldea eta erdiko nabearen estalpeko espazioa ikusi ahal izango dira. 


Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 25ean.- Santa Maria Katedrala Fundazioak gaur aurkeztu ditu nabe nagusiko estalkia zaharberritzeko lanak eta balkoi begiratokia, nabe horretako teilatu arteko espazioa ikusteko aukera emango duena. 

Aurkezpenaren buru izan da Arabako Ahaldun Nagusia, Ramiro González, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea den Andoni Iturbe eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria den Urkiri Salaberria. Halaber, bertara hurbildu dira Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia eta Carlos Garcia Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikarioa. 

Zaharberritzea 

Katedraleko estalkiak zaharberritzeko prozesua 20215ean hasi zen, alboko nabeetako estalkiak zaharberritzearekin. Handik urtebetera, arkupearen estalkiak hasi zituzten lanak, eta 2018an, berriz, buruko estalkietako lanen txanda izan zen. Pandemiaren ondoren, goiko estalkietan hasi ziren lanean, eta bi fasetan banatu zituzten: lehena, transeptua birgaitu zuena, eta bigarrena, erkiko nabeko estalkietara bideratua, 2024an amaitu dena. Modu horretan, Santa Maria eraikinaren goiko espazio osoa berreskuratzeko prozesua amaitu da. 

Proiektu bakoitzak ezaugarri propioak izan dituen arren, kasu guztietan alderdi komun batzuk izan dira. Goiko aldeak harlangaitzez eta hargintzaz finkatu eta indartu dira. Lehendik zegoen zurezko egitura nagusia kontserbatu egin da, betiere kontserbatzeko egoerak horretarako aukera eman badu. Horren gainean egurrezko gapirioak jarri dira. Horietan guztietan hiru geruzako taula bat sartu da, tartean isolamendu ekologikoarekin. Era horretan, gangen babes higrotermikoa (tenperatura eta hezetasunarena) hobetu da, haien narriadura atzeratzearekin batera. Teilatuetan, teila berriak jarri dira beheko aldean (kanal-teila) eta egoera onean zeuden teila zaharrak goiko aldean (babes-teila). 

Ekintza horiekin  guztiekin ura husteko sistema osoa berrantolatzea lortu da, zurezko egiturak eta katedrala babesteko isolamendu  termikoa hobetuz. 

Balkoi begiratoki irisgarria 

Gaur aurkeztu dituzte erdiko nabearen estalkia zaharberritzeko amaitutako lanak. Bertan, balkoi begiratoki bat jarri dute, mugikortasun murriztuko pertsonentzat irisgarria, dauden espazio-aukeretara egokituta. Modu horretan, gangen goiko aldea eta erdiko nabearen teilatu arteko espazioa ikus ahal izango dira. 

Espazio berri hori Dorrera egingo diren bisitetara gehituko da, eta katedrala eraikitzeko sistemaren ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango da. Horrela, Santa Mariako bisiten edukia aberastuko da.