Indusketaren lehenengo fasearen ondoren ia guztiz ziurta zitekeen egoera txar hura aurreikusita, Katedralaren egonkortasuna zeharo bermatu genuen zutabe eta pilastra guztien artean zama arintzeko elizpe multzo bat ipiniz, hain zuzen ere indusketa arkeologikoan zehar zimenduak ukitzean zutabe eta pilastren oinarriak albo baterantz mugitzeko arriskua eragozteko. Elizpe horiek baliatuta, zirkulazio-sistema bat ezarri zen Katedralaren oinarri-mailaren gainetik, egokia bai turistek indusketa- eta zaharberritze-lanak bisitatzeko, bai lan horiek gauzatzeko. Izan ere, garabi-zubi batzuk ahalbidetu ziren materialak leku batetatik bestera mugitzeko, baita garabi multzo bat ere aurkitutako arrastoen fotogrametriarako.
Zurkaitz horiekin batera, beste batzuk ezarri ziren multzoaren eremurik ezegonkorrenetan: hogei metroko altuera zuten eskoratze-gaztelu sendoak Santa Anaren portadaren ondoan eta Errege-erreginen kapera desagertuan, eta beste bi errefortzu kartaboi postensatu formarekin transeptuaren habearteko goi atalaren ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko kontrahormetan. Era berean, Giorgio Croci eta Giuseppe Carlucio ingeniariek 1995ean egindako aldez aurreko egiturazko azterlanetan aurreikusi zen transeptuaren hego-besoko gangen materiala erortzeko arriskuan zegoela, eta hori saihesteko, larrialdiko lehenengo obra batean, babesak eta eskoratzea ezarri ziren eta ondoren horiek deskargatzeko egitura bat ezarri zen.
Egitura horiek guztiak altzairuarekin eta torlojuz estututako loturekin egin ziren, hain zuzen ere aurrerago erraz desmuntatzea ahalbidetzeko, horien bidez finkatutako material historikoetan kalteak eragin ditzaketen erregailuak edo ebakitze-makinak baliatu beharrik gabe. Eta hasiera batean ezarritako trabes-eskoratzeen kasuan bezala, eskoratze-sistema horiek guztiak pixkanaka kendu egin dira azken hiru urteen barruan, fabrikak behin betiko sendotzeko lanak aurrera eraman diren heinean eta Katedralaren multzo osoaren egitura egonkortutzat jo ahal izan dugun heinean. Transeptuaren ipar-piñoiaren zama arintzeko zurkaitza geratzen zen bakarrik desmuntatzeko, eta eraikinaren atal hori egonkortu arte mantendu zen, 2015ean zehar egitea aurreikusia.